MANIFESTUA

BIZITZAREN ETA LITERATURAREN ALDEKO MANIFESTUA

 ANBOTOKODAMA recortada top

Literatura hizkuntzarekin batera jaio zen eta lehenengo literaturagileak beren hitzetan kreazioaren edertasuna jaso nahi zuten ehiztariak eta biltzaileak izan ziren. Filosofia zein jurisprudentzia poemetatik sortu ziren, antzinakoentzat goiarnas poetikoa giza jakituria ahalbidetzen zuen adierazpidea baitzen. Jainkoak igarkizun eta parabolen bidez mintzo ziren. Sutondoko narrazioek arbasoen eta heroien oroitzapena gordetzen zuten neolitikoan. Eta tribu bakoitzean bazen pertsona bat, «ametsen jagolea» deitutakoa, haiek guztiak gogoan hartzen zituena.

Mundu tekniko eta ideologiko honetan, artea eta literatura hainbeste hedatu dira arlo guztietara, ezen bai haien autonomia bai haien balioaren kontzientzia galtzeko zorian baitaude. Oroimena artxiboetan lurperatuta gelditu da. Poesiak ia abestietan baino ezin agertu bere moldea, herri adierazpide guztietatik erbesteraturik. Giza espirituak hitza bazterrean utzi du, eta hitza gure zibilizazio teknikoaren engranaje bat besterik ez da, publizitatez eta diskurtso politikoz koipeztatua, iheskortasunerako eta ahazturarako fabrikatutako produktuen osagai. Gure gaur egungo zibilizazioaren zarata gehiegizkoak bere benetako esentziaz gabetzen du hitz oro, astiro baina ekidinezin, eta gu haren laguntzarik gabe uzten gaitu, hitz ororen benetako esentziak samintasun otzaneko errealitate honetan aurrera egiten laguntzen baitigu.

ANBOTOKODAMA copia

Zer geratzen zaigu guri, literaturaren zale eta sinestunoi? Behinolako sugarra berpiztea baino ez, poema eta narrazio zaharrak gogoratzea baino ez, hitzen sorrerako indar sutsuari eusten dioten antzinako eta gaurko lagunekin bat egitea baino ez. Literatura eta hitzaren arte guztiak zaharberriturik, giza espiritua eta giza esentzia birsortuko dira eta bihotzek berriz sentituko dute nola irudimenaren taupadak gauzatzen diren hitzetan.

Gogo suhar batek ekarri gaitu honaino, zirtzileriak edo desmitifikazioak alde batera utzirik. Horregatik, Mari jainkosa jarri dugu blog honen aitzinaldean, errealitate fisikorik gabeko zer horien botereari egindako dei gisa, botere hori agertzen baita dei egiten zaionean. Bai eta Euskal Herriko Ama Lurrari egindako dei gisa ere, sustrai sakoneko elezahar eta mito ugarien gordailu baita. Dei egiten diogu Damari, lur, zeru, itsaso eta azpimunduaren andreari, izaki lurtar eta zerutiar egiten gaituzten dimentsioen jabeari, lagun diezagun gure ametsak kantu zein ipuin bilaka gaitezen.

Hizkuntza ez da formalizazioen eta ideien gramatika bat; hizkuntza ibai bat da, gu eta gure pentsamenduak, gure esistentziaren dekretu horiek, berekin garamatzana. Beraz, hemen, edertasuna maite dugula aldarrikatu nahi dugu, zirrara maite dugula, hitzak geuregandik harago eta geure izaeraz bestaldera garraiatzen gaituenean ageri den argialdi garden hori maite dugula, geure osotasun bikainean nolakoak garen erakusten digulako. Oroimenari egiten diogu dei, espirituaren jagole horri, errealitate fisikorik gabeko zer pilpirakari horien zaintzaileari, zer den egia erakusten baitigu behin eta berriro, egia horren eraginez jolasten baitira haurrak, haren eraginez nekatzen baitira helduak lanean eta harengatik burutzen heroiek beren balentriak.

Literatura sortzea da gure helburua, bai eta artearen eta literaturaren alorrean hazitakoa baloratzea ere. Gaude  literatura bizitzaren jarraipena dela, eta, ondorioz, haren zeregina bizitzarenganako dugun sentimendu eta ulermena handiagotzean datzala, eta horren jakitun izatea da elkarrengana biltzen gaituena.

Guk, gizon-emakume gaixook, dei egiten diogu gu baino gehiago den eta guregan dagoen zera horri. Egia bihur dezagun, ahal dugun neurrian behintzat, poeta zahar batek poeta hil bati eskainitako bertso hura:

In the deserts of the heart
Let the healing fountain start,
In the prison of his days
Teach the free man how to praise.

 

Bihotzaren desertuetan

isurtzen utzi senda-iturriaren ura,

bere egunen presondegian

gizaki askeak laudatzen ikas dezala.

 

 

No comments yet.

Leave a Reply