ARTZE-REN ADIOAK ERAMAN DUEN GUZTIA!
Joxan Artze joan zaigu, gure herriko poeta, artista eta pentsalari handienetariko bat joan zaigu. Pena, euskal kulturatik, hein handi batean bederen, behar besteko aitorrik jaso ez izana, ez orain artean, ez eta hil berritan dugun honetan ere. Aurrez aurre ezagutzerik izan ez nuen artista honen atzean pertsona handi-handi bat egon behar zen derrigor, dudarik ez. Artista zein kultura-gizon gisa utzitakoa utzita, ezin uka bere adiotik segitzen den galera itzela. Hau horrela, ezin esan espero izatekoa zatekeen tamainako aitorpenik egin zaionik inondik. Euskaldunok lasaixe bizi gara, sobera lasai agian, instituzioetan eta instituzionalizatutakoan gure itxaropen osoa jarririk; bestetik, ENAMek euskal kulturaren gainean hegemonia guztizkoa duela erakutsian jarri digu azken honetan beste behin ere.
Izugarria, dena den, Artzek utzitakoa. Diktadura-urteetan Europan barrena ibilitako intelektuala, garaian kontrakultura-giroaren epelean ernatutako energia berria bereganatzen jakin zuena, bereganatzen eta gurera ekarri eta egokitzen, eta askatasun-faltako egoera horren kontra jartzen ere ondo asmatu zuena. Abangoardista izan zen oso, abangoardista gaien muinari sakontasunez heltzeko trebezian, abangoardista olerkigintzan forma zeharo berriak sartzen, abangoardista olerkigintzaren beraren zedarri eta mugak zabaltzeko orduan eta beste arlo artistikoen eremuetan sarrarazten… Bere hasierako liburuak entzuten ere egiten ziren, ukimena bera ere kitzikatzen zuten; bere artelanek presentzia-mota askotarako abagunea luzatzen zieten beroien hartzaileei. Joko asko, joko sinboliko ugari zekartzaten bere baitan bere obrek, fonosinbolismoa piztea xede zuten arkitektura konplexuak ziren, forma-zurrunkeriaren muga oro gainditu asmo zutenak bateko, batzuetan, eta labur-laburrak eta sotilak ziren poema oso lirikoak bestetzuetan, besteko. Urraturiko hasierako bide horiek bere segida izan zuten, laino guztien azpitik… eta sasi guztien gainetik obra dugu horren erakusgarri garbia, Zumetaren irudiek lagunduta, garapen handiko poema, bai egiturez, bai ironia zirikatzaileen bitartez lortzen zuen sakontasunarengatik. Esperimentaltasuna nabarmentzen zeneko obren ibilbideak Bide bazterretan hi eta ni kantari obran izan zuen mugarri bat, ziur asko baliaturiko formei zegokienez behintzat.
Ortzia lorez, lurra izarez obra inflexio-une bat izan zen bere ibilbidean, dudarik ez; ordutik hara, aurrez ere berarengan ondo ernaturik zegoen sakontasun-bilaketak gizarte-estrukturei lotutako alienazioaren salaketaz harago egin nahi izan zuen, eta harago joanez, moral zinezko askatzaile bat aurkeztu, eta, “nitasunean” murgiltze espiritualetik abiaturik, errealitate ezin aberatsago eta azkengabeari heldu. Konbertsio-unea izan zen hau, kristautasunari helduko zioneko garai berria dugu bigarren hau. “Beat generation horren partaide izan zen poeta metafisiko, abangoardista eta konformagaitz honek postmodernismoaren aroan tradizioa defendatzen du, yuppien sasoian aszetika laiko bat praktikatzen eta kristautasunera itzuli da”, zioskun Amaia Iturbidek. Berean hartaz bi aro ondo ezberdindu egon ez zirenik ezin uka; berak berorrek argi eta klar aitortzen zuen azken urteotan egin izan zizkioten elkarrizketetan. Alabaina, esan beharra dago bi etapa horien artean lotura, konexio bat ere, egon bazegoela. Alderik alde sakontasunak zeharkatuta egon da betiro bere obra, sakontasun delako horrek egin zuen bere aurre-lana ere lehenengo etapan, kristautasunetik orduko horretan urrun bada ere, nolabait edo besteko panteismo bat ere ukitu baitzuen. Alde horretatik, Leterenganako gertutasuna horretan ere islatzen da. Berean sakontasuna eman eta eman ibili zen beti. Bilatu eta bilatu ibili zen betiro, ez soilki bilatzeari zegokionean, bai eta bilaketa horretan baliatu zituen bide-ugaritasunari zegokionez ere; Kristautasunari heldu bai, baina beti ere bilatzaile-sen aseezin horrek eskatzen zion guztiari irekia egonik, eta denetarikoetara irekia egote horretan, besteak beste, Ekialdeko tradizio erlijiosoetako jakinduria beretu eta bere obrara ekartzen jakin izan zuen. Azken bigarren etapa honetan bere hitzek formari zegokionez agian lasaitu bat hartu zuten, ez baina semantikari zegokionean, oraingoan nagusiki espiritualtasunaren mesedetan eta gizarte materialista honi kontra egite alderako ahaleginean.
Galera handia hortaz bere joanarekin euskaldunok izan duguna. Pena hortaz. Pena ere, horrez gain, kultura-mailan badirudielako aipatu galera honekin batera badoala loditzen azken urteotan jada sentitzen hasiak ginen beste irudipen bat ere, euskal kultura zinezko erreferenterik gabe geratzen ari zaigulakoa. Diktadura garaian korronte aurkako giro latz haietan euskal kulturaren bultzagarri (eta neurri handi batean salbagarri ere bai) izan genituen Lurdes Iriondo, Oteiza, Laboa, Lete, Artze… joan zaizkigu, joan eta ganorazko oinordekorik utzi ez.
Galera handia hortaz bere joanarekin euskaldunok izan duguna. Pena hortaz. Pena ere, horrez gain, kultura-mailan badirudielako aipatu galera honekin batera badoala loditzen azken urteotan jada sentitzen hasiak ginen beste irudipen bat ere, euskal kultura zinezko erreferenterik gabe geratzen ari zaigulakoa. Diktadura garaian korronte aurkako giro latz haietan euskal kulturaren bultzagarri (eta neurri handi batean salbagarri ere bai) izan genituen Lurdes Iriondo, Oteiza, Laboa, Lete, Artze… joan zaizkigu, joan eta ganorazko oinordekorik utzi ez.
Zer pentsaturik eman beharko liguke honek guztiak. Alabaina, horretarako aurrez pentsatzeari eragin beharko genioke. Izan ere, euskal kulturak, euskarak, hiztunen kopurua, euskaraz eginiko denetariko produkzioa inoizkorik hobekien dagoela dirudikeen honetan, nor ausartuko baina egungo eguneko euskal kultura arrunt bestela ikustera, nolabait edo beste galbidean sentitzera berau? Hizpidera ekarri asmo dudan sentipena, deskribapena egiari zor, ez da diskurtso publikoan ageri. Bestetik, herri honetan euskarak eta berorrekikoak XXI mendean sendo eta osasuntsu sar zitezen egindako ahaleginak ez dira inondik ahuntzaren gauerdiko eztula izan. Zerengatik hortaz balorazio hori? Zer nahi dut aditzera eman?
“Euskal zeraren” baitako kultura-ekoizpen gehien-gehiena ideologia-peajea ondo ordaindurik datorkigu edota, bestela, peajetik beretik dago egina. Ezker Abertzaleak lortu du euskal kulturan hegemonia bat ezartzea eta behin hori lortu duelarik, euskal kulturan lekutxo bat izan asmo duen orok berorren galbahe ideologikotik pasea izan behar du derrigor. Hein horretan, Artze bezalako artista pisuzko baten heriotzari kasik ezikusia egin zaio euskal kulturatik. Zer pentsaturik eman beharko liguke euskaldunoi, zer pentsatu nahikotxoa, ikusita gure kultura zeharo eraldatua, muingabetua, desitxuratua izan dela, euskal zeratik kanpoko klabe eta zerumuga ideologikoetara begira jarria izan dela ikusirik. Larria hainbesteko da, non euskaldun xeheak egun ez liokeen inolaz ere erreparatuko kontu honi. Euskarak eta euskal kulturak elkarri deitu behar diotenik ezin uka. Horrek ez du esan nahi baina “euskaraz egindako” horretatik azaltzen denik euskal zera hori. “Euskal kulturakoa izate” hori zer den definitzea ez da batere erraza, argi dago. Egun, aldiz, argi eta klar esan daiteke zeintzuk diren euskal kulturako gaiak eta edukiak, zeintzuk diren esan beharrekoak, eta nondik nora pentsatu daitekeen. Malo!
Artzerekin gertatu dena horren seinale ezinago garbia dugu. Oiartzunik kasik sortu gabe igaro da bere heriotza. Areago nerrake nik, batzuek urrunago joan behar izan dute, ez dira kapazak izan Mugimenduarekiko euren atxikimendu erlijiosoak eskatzen zienari kasu egin gabe gelditu, edota euren amorrazio sektarioari eusten ere ez dute jakin. Hor ditugu Xabier Mendiguren Elizegik Berrian botatako pozoizko hitzak (https://www.berria.eus/paperekoa/1955/024/001/2018-01-24/santuak_eta_testamentuak.htm). Literatur arloko jakitun aldetik ari zitzaigula eman zezakeen. Pena berehalakoan ikustea bere amorru ideologikoak berorren ustezko profesionaltasun guztia zeharo indarge utzi diola. Artzeren obraren gainean literatur oinarri duen ganorazko deusik ez du aipatu eta botatakoak, Mugimenduaren eskakizun ideologikoek bultzaturik baino ez dira izan, berorren idazle kondiziotik luzatzen zizkigula sinestarazi nahi izan badigu ere. Izan ere, laster batean kendu zizkion Artzeri abangoardista eta poeta sakontzat hartu izan dadin zergati guztiak, erraz eta bat-batean sinpletu zuen bere hausnarketa ustezko literarioa. Atzerakoitzat jo zuen Mendiguren jaunak bigarren Artze. Ondo ulertzen ditugu bere hitzak, jakin ondo dakigulako non jartzen duen soldaduak abangoardia. Pena, pena handia, honelakoak irakurri behar izatea. Pena ikustea hil berri-berriei ere ez zaiela ezta dolu-garaiko errespetu gutxienekoa zor, Mugimenduaren kulturak hala eskatuta, nonbait.
IGOR GOITIA