BOTEREAREN ITZALA EUSKAL LITERATURAN

ARITZ GORROTXATEGI

(Grand Place aldizkarian argitara emana)

I

Euskal literaturan paradigma diren klasiko ezagun batzuk pentsamendu korronte ezberdinen aurkako erantzun bat izan ziren. Axularren Gero Erreformaren aurkako erantzun bat izan zen; Peru Abarka, ilustrazioaren aurkakoa; Garoa, berriz, sozialismoaren aurkakoa. Ezaugarri literarioez gain, klasiko horiek badituzte ere ezaugarri ez hain hertsiki literarioak. AxularAspaldiko kontua da autonomia estetikoaren eta ideologiaren arteko harreman labainkorrarena. Mendeetan zehar gure literaturak batez ere eliza liburuak eman zituen argitara, helburu jakin batekin eman ere: fedearekiko eta eliza katolikoarekiko (agintea zuenarekiko, alegia) atxikimendua sustatzea. Hots, “ontsa hiltzeko bideak, manual devotionezkoak…” Esaterako, Francisco Ignacio Lardizabalen Testamentu Zarreko eta Berriko kondairak oso irakurria izan zen XIX. mendean eta baita XX.aren hasieran ere. Koldo Mitxelenak diosku, seguraski libururik irakurriena izan zela Gipuzkoan azken ehun urteotan (1860-1960 urteen bitartean). Klasiko bat, beraz. Zentzu horretan, euskarazko klasikoen harira, Atxagak adierazpen nahiko esanguratsua egiten du Obabakoaken gaztelerazko edizioan:

OBABAKOAK, TIEMPOS MODERNOS (Bernardo Atxaga)

“orain beste hizkuntzetara itzultzen hasiak izan garenok, ekipaje oso gutxirekin abiatu ginen. Gure fardeltxora begiratu, eta, han, idatzi nahi genuen hizkuntzan idatzitako bost edo hamar liburu baizik ez genituen aurkitzen. 20 urterekin Gabriel Aresti irakurri nuen; hiru urte geroago, hogeita hirurekin, diktadoreak erretzea lortu ez zuen euskal literatura guztia irakurria nuen jada”.

Zergatik hain fardeltxo murritza? Arestian esandakoagatik: argitaratzen ziren liburuek ideologia jakin bat zerbitzatzen zutelako, ez autonomia estetikoa edo aniztasuna. Hain zuzen ere, Milan Kunderak, nobelagintzaren arteari eskaintzen dion saiakeran, aniztasunaren aldeko apustu garbia egiten du. Brnon jaiotako idazlearen ustez, nobela, gauza gizatiarren erlatibotasunean eta anbiguotasunean oinarritzen da, eta, beraz, bateraezina izango litzateke unibertso totalitarioarekin. Ildo beretik jotzen du Orhan Pamuk idazle turkiarrak Nobelagile xaloa eta sentimentala lanean:

spotlight-pamuk029

“nobela politikoa genero mugatua da, politikak gurekiko ezberdinak diren horiek ez ulertzeko determinazioa baitakar; aldiz, nobelagilearen arteak gurekiko ezberdinak diren horiek ulertzeko determinazioa dakar».


Oihenartek aspaldi apurtu nahi izan zuen uztarri hura. Are gehiago, bertsogile arruntzat jo zituen ordura arteko olerkariak (Bernat Etxepare barne). Etxepare harro zegoen liburu bat euskaraz argitara ematen lehena izateagatik; Oihenarten harrotasuna euskaraz lehen aldiz bertso kultuak edo jasoak idaztetik zetorren (sonetoa euskarara egokitu zuen). Oihenartek Petrarca zuen eredu, eta Europara begira ari zen. Zoritxarrez, haren eredua (laikoa eta estetikoa, esan nahi baita) ez zen gurean nagusitu. Errenazimenduan Montaigne pentsatzen ausartu zen: “munduko gauzarik garrantzitsuena nor bere buruaren jabe izatea da”. Oihenartek tradizio horri jarraitu nahi izan zion, gerora Nafarroan Albreteko Joana eta Leizarraga egiten saiatu ziren bezala. Baina Kontraerreforma olatu berritzaile hura baino askoz ere indartsuagoa eta gupidagabeagoa izan zen Euskal Herrian, sorginkeria prozesuek, besteak beste, garbi erakusten duten bezala. Honenbestez, Oihenarten ametsak hondoa jo zuen.
PINDARO Nolanahi ere, literaturaren eta boterearen arteko harremana ez da soilik euskal arazoa. Pindaroren garaian, familia aristokratikoak aretéan oinarritzen ziren beren nagusitasuna azpimarratzeko. Aretéa bikaintasun moduko bat zen, bertutearen antzeko zerbait. Hots, ezaugarri gizabidetsu, moral eta intelektual sorta bat. Pindaroren esanetan, bi arrazoi zeuden ideologia hori aristokratikoa izateko: haren izaera berezkoa eta hereditarioa. Gizaki gutxi batzuk ziren areté horren jabe jaiotzagatik. Jainkoek heroi baten bidez harremanak ezartzen zituzten gizaki hilkorrekin. Hori, jada Homerorengan ikus dezakegu. Haren poemetan aginte-makila Zeusengatik jaso duten erregeak daude. Pindaroren garaian, ideologia aristokratikoa krisian sartua zen dagoeneko, eta atenastar demokrazia bidea egiten ari zen. Batzuen ustez, Píndaroren garaipenezko odak propaganda tresna bat ziren, ideologia aristokratiko horrek ordainduak aristokraziaren beraren estatusa sendotzeko asmoz. Rapsodek jai herrikoietan eta azoketan abesten eta errezitatzen zituzten beren poemak. Gehienetan, komunitatearen historiaz, erresumaren balentriez eta garaipen militarrez mintzo ziren. Gauza jakina da ez zegoela egunkaririk ez telebistarik, eta rapsodek betetzen zuten hutsune hura, jauntxoek ordainduta. Hortik ondoriozta dezakegu literatura eta boterea hasiera-hasieratik lotuta agertzen direla. Agintaria zenbat eta gehiago goratu, zenbat eta arbaso ohoragarri gehiago eduki, orduan eta ospe handiagoa hartzen zuten hala agintariak nola haren leinuak. Literaturak zeresan handia zuen egiteko horretan, eta botereak lan hori ondo ordaintzen zuen, rapsodaren figura ia jainkotuz. Ander Iturriotz soziologoak Boterea gizarte homerikoan saiakera mamitsua eskaini zion gaiari.

Gurean, boterearekin lotura hain zuzena izan gabe, izan bada agintetik asko edan duen ideologia bat, aristokrazia moduko bat, katolikoa eta foruzalea hasieran, abertzalea eta independentista hurrena. Ez da kasualitatea gure klasiko ezagunenak kanpotik zetorren pentsamendu korronte baten aurkako erantzun bat izatea.

Hizkera ekonomikoan protekzionismoa esaten zaio horri. Hona gure kontraesanen beste adibide garbi bat: Estatu espainiarreko lehen eskola laikoa Bergaran sortu zen 1776an, Ilustrazioaren bultzadari jarraiki. Bultzada haren eskutik sortu zen Euskalerriaren Adiskideen Elkartea. Haatik, Caro Barojak dioskunez, ordea, kontinente osoa astintzen zuen olatu iraultzailearen denboran, euskaldunak Espainiako katoliko praktikatzaileenak omen ziren. Esan gabe doa apaizen sermoiek literatur testuek baino eragin askoz ere handiagoa zutela herritarren pentsamenduan (doktrinamenduan ez esatearren).

Tradizio kontrajarri horretatik gatoz: liberalak eta laikoak (Donostia, Bilbo…) eta karlistak; ilustrazioa eta “jainkoa eta lege zaharra”. Sozialismoaren etorrerarekin laikotasuna klase apalagoetara ere zabaltzen hasi zen, eta klase zabal baten ordezkariek kolokan ikusi zuten beren boterea. Txomin Agirrek baserria eta jainkoarekiko fedea idealizatu nahi izan zituen berez hain ideala izatetik urrun samar zegoen gizarte batean. Haren ifrentzuan, Pio Barojak errealismoz eta gordintasunez erretratatu zuen XIX. mende amaierako baserri giro hura Vidas sombrías ipuin-bilduman.

GAROAGaroak eta Vidas sombríasek ez dute zerikusirik; lehena mundu ideal baten isla da, gainbehera zetorren mundu batena; bigarrena, berriz, lekukotza nahiko hurbila da, azukrerik gabea. Joanes artzainak ez du zerikusirik Garraiz ikazkinarekin edota Noche de médico ipuineko baserri giroarekin. Txomin Agirrek, neurri handi batean, ideologia jakin baten zerbitzura eta begirada Europako tradizio errealistatik (Stendhal, Flaubert, Tolstoi…) landa zuela idatzi zuen. Flaubertek narratzailea desagerrarazi zuen. Txomin Agirreren kasuan, nonahi dago, eta zer pentsatu behar dugun ere esaten digu ia-ia. Kresala 1906koa da; Garoa, aldiz, 1912koa. Ordurako, Europan aski zabaldua zegoen sinbolismoa, eta abangoardia heltzear. Apur bat geroagokoak ziren Lizardik eta Lauaxetak erreferente garaikideak hartu zituzten aintzat.

Xabier_Lizardi Gauza jakina da Lizardik Juan Ramón Jiménez miresten zuela, eta Lauaxetak, Euskal Pizkundeko poeten artean menderakaitzenak, poesiaren autonomia aldarrikatzen zuenak, besteak beste, García Lorcaren poesiatik edan zuela. lauaxata_lehia Zentzu horretan, esan daiteke Txomin Agirre baino modernoagoak zirela. Modernoak ez bakarrik estetikoki, baita politikoki ere. Hemengo mugez haragoko leihoetatik begiratzen ausartu zirelako, eta literaturaren autonomia lortze aldera lehen urratsak eman zituztelako. Urrats txikiak, baina urratsak azken batean. Paradoxikoki, gure poeta handienetakoak izan arren, beren garaian apenas irakurtzen zituen inork, biek zekarten aire berri hura berriegia baitzen orduko euskal irakurleentzat, literatura “lege zaharraren” uztarri pean ikustera ohituak zeudenentzat. Tamalez, Gerra Zibilak aire berri haiek piztutako eztabaida itzali zuen kolpetik eta krudelki, aire berri haiena eta, jakina, herritar askorena, tartean Lauaxetarena, jakina den bezala.

II

moroak-ONA Moroak gara behelaino artean saiakeran Sarrionandiak gogorarazten digu hiperkultura ofizialaren ereduetatik bazterturik sentitzen ziren komunitateetan, kultura alboratu horietako elite batzuek, nazionalismo nagusia bultzatu ordez, nazionalismo alternatiboak sortu zituztela. Egia da ideologia linguistikoaren oinarrian nazio-estatu aukera dagoela, Unamunoren eta Sabino Aranaren kasuetan garbi ikus daitekeen bezala. Baina Arestirenean, zer? Arestik hirira ekarri zuen euskara, eta ez zen ortodoxia nazionalistaren jarraitzaile, komunista baizik. Gorria. gabriel-aresti Arestik kultura alboratu horren beste ikuspegi bat zabaldu zuen, hiriarekin eta poesia sozialarekin lotua (Blas de Oterorekin zor handia, handiegia, duena). Espaiñolistatzat jo zuten abertzale askok, eta baztertu ere bai. Bitxiki, Marx eta Engelsen Manifestu komunistan esaten zen langileek ez zutela aberririk: ez euskaldun, ez espainol… Andu Lertxundik, Hegats aldizkariko 51. alean egindako elkarrizketa batean, gure literaturaren ikusezintasunaz ari dela, ikusezintasun exogenoa (kanpokoek etxekoez dutena) eta endogenoa (etxekook etxekoez duguna) bereizten ditu. Beti ikusezintasun exogenoez mintzo ohi garela dio Lertxundik, endogenoak ahaztuta. Ikusezintasun endogenoaren barruan, bi adibide aipatzen ditu. Bata, 1968ko Bertsolari Txapelketan Anoetako frontoian Xalbadorrek jasotako txistuena. Bestea, berriz —gurean sarriegi aipatua ez dena—, Arestiri gertaturiko pasadizo bat. 1972 inguruan Euskal Poesiaren Eguna ospatu zen, eta antolatzaileek ez zioten Gabriel Arestiri deitu españolista omen zelako. Lertxundiren ustez, euskal literaturaren aniztasuna izan zen konbokatu nahi izan ez zena. Orain, ordea, Aresti baztertzen zuten abertzale horietako askok bere egin dute haren “aitaren etxea”. Poeta bilbotarrak sarritan moldatu izan zituen Jesukristoren hitzak bere erara (“ni naiz Kristo urdina”, “Nirekin dagoena Euskal Herriarekin dago”, “Ken horiek hortik, ez egin nire Aitaren etxea merkatu-etxe”…), eta “aitaren etxea” ez da salbuespen. León Felipek Jainkoari buruz idatzi zuen poema eder hura datorkit gogora: y ahora Dios] está secuestrado/ por unos arzobispos bandoleros/ que le hacen decir desde la radio:/ «Hallo! Hallo! Estoy aquí con ellos»./ Mas no quiere decir que está a su lado/ sino que está allí prisionero.
saliendo-de-la-bibloteca

Franco hil geroztik, abertzaletasuna botere aristokratiko horren kontzeptutik hurbil egon izan da, hala instituzionaltasunaren bidez nola herrigintzaren bidez. Azken batean, martirologia katolikotik pauso txikia dago beste martirologia klaseetara. Eta horren atzean boterea dago, garai batean elizaren bidez ongi kontrolpean zeuden boterearen erroak. Eta fede berri bat: nazio eraikuntza.

Jainkoa nazio eraikuntza ahalguztidunarengatik ordezkatua izan da, eta eliza katolikoak beste eliza klase bati utzi dio lekua, beste debozio eta ikonografia batzuei, eta garai bateko maketo eta abarrek heretiko eta traidore berriei eman diete erreleboa. Alabaina elitea (kasta, esan genezake) betikoa da, aretérik gabea ordea. Hori bai, labelduna eta jatorra.
50. hamarkadan euskara kaletartzen hasi zitzaigun, eta eliza eta intsentsu usainak atzean uzten. Arestiren eta Txillardegiren eskutik batez ere, baina baita orduko belaunaldi gazteago baten eskutik ere: Saizarbitoria, Urretabizkaia, Sarasola… 1963an astekari bihurtu zen Argian adierazten zen bezala, “berritu, bai. Gaurko gogoa eta pentsakera eman tankera modernuetan. Nire iritziz euskaldun jarraitzeko ez da bearrezkoa txapela edo ezpartziñak ibiltzea, euskera agoan eta gaurko modaz ibiltzea baño… Euskera politikan, ekonomian, literaturan, eta ez goldeaz edo laiaketaz jardun bear danean bakarrik…». Berriro ere liberalen eta karlisten zantzuak.
Itzal luze bat atzean uzten ari zen euskal literatura, baina itzal zahar horrek itzal berri bati egin zion leku, ideologia jakin bati. Edo nahiago baduzue, nazio eraikuntzaren kontzeptuari.

Garai batean, elizaren uztarri pean zegoen literatura nazio eraikuntzaren uztarripera igaro da. Eta ez da falta gure kanona ikuspegi horretara mugatu nahi eta mugatzen duenik. Eta literatura hori sistematikoki abangoardia zale eta iraultzaile agertu izan bada ere, mundu ikuskerari dagokionez, funtsean, ez dabil Garoaren izpiritu protekzionista eta murrizgarritik urrutiegi.

Hain zuzen ere, orain hilabete gutxi, alderdi abertzale ezkertiar baten gazte erakundearen kartel sorta bat ikusi nuen kalean; haietako batean, euskal gazteria berriaren isla, neska gazte bat ageri zen laiarekin lurra lantzen. Beste batean, berriz, sarde bat ikus zitekeen. OLYMPUS DIGITAL CAMERA Argiako artikuluko txapela eta “ezpartziñak” etorri zitzaizkidan gogora, atzean geratutako garai bat. Ez hain atzean, bistan denez.
Denon altxorra izan arren, despolitizazioa eta normalkuntza amestu arren, egia da euskara, ezinbestean, euskal asmo nazional bati lotuta egon dela. Eta hala jarraitzen duela literaturaren kasuan ere. Denborarekin, asmo nazionalak elizaren eta katolizismoaren lekua hartu du, haren ondorengo bihurtu da, eta, neurri handi batean, bere tesi eta zerrenda kanonikoak ezartzen saiatzen da literaturaren bidez. Baita hemen gertatutakoaren errelato bakar eta unibokoa ere. Argudio literarioren ondoan (eta, batzuetan, gainetik), argudio estraliterarioak ageri dira sarri. Eta ez kasualitatez. Lobby-el-poder-en-la-sombra...-o-no.-209x300 Azken batean, gure literatur sistemak baditu bere hipoteka eta esatariak, bere guru eta bufoiak, bere zerrenda beltzak eta miseriak, baditu irrigarrikeriaraino anplifikatzen diren ekitaldi literarioak eta nahita isiltzen direnak. Asko dira zirkuitu sarri endogamiko horretatik aparte bizi direnak, egunkarietan tarterik ez dutenak, argitaletxe jakin batzuetan ez argitaratzeagatik existitzen ez direnak, ideologia jakin batekoak (elitearena) ez izateagatik baztertuak direnak. Horiek guztiak ikusezintasun endogenoaren sintomak dira neurri handi batean. Gurean, izan, badira nazio eraikuntzaren kontzeptutik ez eta beste ikuspegi zilegi, aberasgarri eta baliagarrietatik idazten duten idazleak, baina, espero izatekoa denez, apenas duten lekurik gure sistema literarioan. Adibide bat: irakurle taldeek antolatzen dituzten saioei begiratu bat emanez gero, berehala ohartuko gara argitaletxe jakin batzuetako liburuak izan ohi direla nagusi. Komunikabide eta saio jakin batzuek ere argitaletxe jakin batzuetako idazleak baino ez dituzte elkarrizketatzen (edo aipatzen). Kalitatea izan liteke arrazoia, edo agian ez. Agian, labelarekin izan dezake zerikusia, dirugintzarekin (Gure gauzak S. A.) edo monopolio nahiarekin. Edo asmo nazional hori sostengatzen duten argitaletxe jakin batzuek duten itzal luzeegiarekin. Ez du zerikusirik, ordea, kultura aske eta “zibilago” batekin; ezta aniztasunarekin eta ezberdinak ulertzeko bokazioarekin ere, Kunderak eta Pamukek esaten zuten ildoari jarraiki.
Izan ere, nekez har liteke aintzat Lizardiren utopia, “jakite egoek igotako” hizkuntza bat, kultura bat, posible delakoa. Euskara “noranahikoa”.

aitzol Aitzolek garbi ikusi zuen ideologiaren eta aniztasun literarioaren arteko kontraesana. Bi horiek uztarri berean lotzea lan zaila da aberriaren kontzeptu instrumentala bada nagusi; literatura ez bada berez, baizik eta aberrirako. Eta Euskal Herria estatu independente bihurtuko balitz ere, hots, nazio eraikuntza kontsumatu eta gorpuztuko balitz ere, nago estatu berri horren elite edo kastak bere mundu ikuskera ezartzen segituko lukeela, beti egiten saiatu izan den bezala (batzuk goian egoteko beste batzuk behean egon behar dira).

milan-kundera-1_3350

Izan ere, literatura eta boterea hasiera-hasieratik egon dira lotuta, asko eta asko oraindik horretaz jabetu ez diren arren. Edo jabetu nahi ez duten arren. Guztiarekin, eta kontraesanak kontraesan, literaturari espazioak eta aniztasuna bilatzea dagokio, gizakia eta gurekiko ezberdina dena ulertzen saiatzea, botere eta sektarismo guztien gainetik.

ARITZ GORROTXATEGI.

Tags: , , ,

No comments yet.

Leave a Reply