KONTZIENTZIAREN ZARRASTADURAK ARGITZEN

Portada gracia[1]

 

 

 

 

ARTIKOA / ÁRTICA
Izaskun Gracia Quintana
Amargord Ediciones. Madrid, 2012. 123 orrialde.

 

 

Gaur egungo poesiak nagusiki ezbaian bilatzen du bere zerizanaren zergatia. Eta ezbai horretan poeta bakoitzak bere ahots propioaren barrunbeak, bere aldarriak eta bere oihartzunak bilatzen ditu, eta, pareta zaharren oinarriak birrintzen dituen unean bertan, ezbai berrien kinka larrian kokatzen du bere burua. Antzeko sentimendua iristen zaigu liburu honen orrietan aurrera egin ahala. Horrela sentitzen dugu poeta bere barne munduaren eraikipenean, edo hobeto esanda, berreraikipenean.

Pizarnik_byn[1]Alejandra Pizarnik poeta argentinarrak zioen “No quiero ir nada más que hasta el fondo”, eta Izaskun Graciak bide bera hartzen du. Haatik, bere irteera puntua ez da txoko eroso bat, bere ahotsaren gunea hausturaren hondoa da. Pizarnik dator berriz ere gogora, “Afuera hay sol. Yo me visto de cenizas”; eta Graciaren oihartzuna, «hitz oro ere errauts bihurtuko naiz».

Dudarik gabe, azkenaldian argitaratu den liburu onenetariko baten aurrean gaude. Liburu elebiduna da, egileak berak bukaeran ohar gisa dioskunez, “Liburu honetako poema batzuk euskaraz azaldu ziren; beste batzuk, ordea, gaztelaniaz. Azkenean, guztiak nahastu ziren“. Haunarketa serioak dituen lerro ugari topa ditzakegu, barne izatearen biluzte osoa iradokitzen dutenak eta norberaren kokapena errealitate honetan desorekatuko dutenak ere bai, irakurlearen bizi-zutabeak kolokan jartzeko adinakoak. Hizkuntza neurtua eta zaindua betiere azalduko da, eta denaren gainetik hitzaren indarra eta pasioaren adierazpen argia. Poesia eta poeta esanahiak liburuko lerroen bitartez biziki gauzatzen dira Artikoa bildumaren egituratzeari benetako literatur handiaren zantzuak hartzen dizkiogularik. Artifiziotik urrun, bestelako poema liburuen simulakroaren faltsukeria agerian utziko lukeen liburua da.

Poeta orok garraisi isilaz bere oinazea aldarrikatzen du, eta kanporatze honetan tekilaren erredurak hestegorrian zehar kutsatuko dizkizu idazlearen eta irakurlearen artean erresonantzia konplize modukoa sortzean.

«min egiten dit munduak / eta ulertzen ez dudan bizitzak / eta denbora pasatzen den neurrian azala orbainez estaltzen / den bitartean sorgor berrahoratzen gaituen lurrean / bizigarri bihurtzeko egiten dituzun ahaleginek / galtzen garen neurrian / gero eta sakonago zuhaitzek eta ibai gaindiezinek / inguraturik /  negar egiten nau jainkoak / eta nire akatsez jakitun ukatu nuen horrek / eta iparra aurkitzen saiatuz beti ahazten ditudan bizitzek»

 

«eta piztien artean ihesaren eta abandonuaren premian erori / nintzen / desorekatua ezkerrekoa hedatu nuen gorputza / mugak gainditu eta nire izateaz ahaztu / eta nire barruan eta kanpoan nire zoramen bihurtu nintzen»

 

«nire buruari galdetzen diot ea bizitza lelokeriak adorerik eza / saihesteko kiribilaz jauzi zuen biribila den / edo egunak gertatu zaigun guztiak nahasitako anagramak / baino ez diren»

 

Osotasuna eta ezereza kontraesan berberaren aldea eta ifrentzua dira, izate berberaren bi mutur, bi ur ertz, eta bi amildegi, era berean. Eta erdibidearen lurraldeetan kontzientziaren zerizana azaldu ohi  zaigu. Izaskun Graciaren poesiak lurralde honetan babesa aurkitu baino nahiago du lurzorua ebaki, norberaren kontzientzia zarrastatzeko baliabideak eskaini,  inor inon eroso senti ez dadin. Izan ere, literaturak aizkorakada bat izan behar baitu, norbanako bakoitzaren kontzientzia eta izatea urratuko dituen kolpe ebakitzailea, Kafkak zioen modura, alegia.

Horrela azaltzen zaigu Izaskun Graciaren poesia, hausturaren sakonetik hasi, edertasunaren xamurrera iritsi eta bidean zehar pixkanaka irakurlearen oreka astintzea lortuko duen aldarri isila. Sakontasunetik hasten dira barne isiltasunaren tentsio ezezagunenak norberaren kontzientziara azaleratu arte. Eta, une batzuetan, bakarrik utziko gaitu, izaki galdua nora ezean, umezurtz, bakardadearen isiltasuna irakurtzera iritsiko bagina lez; eta izaki abandonatu horren biluztasunean, aurrera egiteko eta ekiteko betebehar bakarrarekin lagako gaitu nork bere gizatasunaren kontzientziarekin topo egin arte.

 

Izaskun Graciaren poesia ezin hobeto deskriba dezaketen hitzak María Zambranoren hauxek lirateke:

mariaensucasa[1]“La palabra poética, cuando acude, es también, sea cual sea su número, innumerable, y sonrie, aunque sea amargamente, al aflorar en libertad. En esta libertad innumerable la inmensidad se configura sin pavor. Podría ser una imagen, una simplemente, mas ciertamente del nacimiento de la poesía ya a salvo, salvándose ya del naufragio terrestre en los ínferos donde Eurídice quedó aprisionada, entraña del canto, raíz de la voz, elemento fijo sin duda alguna al que de un modo o de otro  toda poesía habrá de pagar tributo. Mas sin quedar en ello fija, paradójicamente su voz quedará ahogada, lo que el poeta dramático logrado ha sabido evitar sobrepasando abismo y raíz del canto. El verso es entonces continuidad salvadora.”

 Modu honetan askapenerako gonbita ere, trukean ezer eskatu gabe, eskuzabalki eskaintzen digu poetak. Guztion esku dagoelako, guztiok aukera baitezakegu askatasunera lotuko gaituen motiboa edo zergatia. Izaskunek berak horrela adierazten digu:  «iruzurren katalogoak nahasi nituen eta egokia aurkitu nuen / beste gorputz bat erdituta irten nintzen / eta kale eta biharamunaren ziurgabetasun bezala ireki egin / zen mundua.»

Eta berriz ere María Zambranoren hitzak datozkit burura Izaskun Gracia berarenak balira bezala:

«La libertad, salvada por el delirio de la vida inalcanzable, delira forzosamente, perseguida desde un principio, revelada aquí como una pasión que ha de sufrir ocultamiento y muerte, prometida reiteradamente a renacer en este su ciclo en el que hasta ahora la historia no le ha permitido escapar. Un ciclo que algún día habría de ser trascendido dejando a la libertad en su aire, sosegadamente, libre ella también, libre la primera de su pasión divina en el hombre.»

Gizakia, pertsona, eta bere barne mundua, bere barne sentimenduak, Izaskun Graciaren ardatz eta mugarri baitira bere poesian. Ez da oin puntetan eta oharkabean galdera sakonetan barneratuko. Ez da ziztu bizian, hasperen arin moduan, gizakiaren grina oinarrizkoetatik igaroko. Enbataren olatu eta orroekin irakurlearen barruak astinduko ditu, kresalaren usaimenak astinketaren oroimena gogora araziko digularik giza grina hauen agerpen guztietan.

Agurraren sentimendua ere tarteka azaltzen da, adibidez lerro eder hauetan, «nahiago nuke agur esateko aukera izan banu / zure alde egitearen atariraino laguntzeko eta zenbat maite zaitudan berriro esateko / baina ezin (…) / ahanztura izan ezik guztia irakatsi zenidala», eta galera horren kantuak, urruntasunaren eta ahanzturaren lurrinaz zipriztindurik (bai espazioan, bai denboran), Luis Cernuda-ren ahapaldia gogora dakarkigu: “Qué ruido tan triste el que hacen dos cuerpos cuando se aman”. Baina dena ez da ezkortasuna eta etsipena Izaskun Graciaren poesian; iraungipenaren eta desitxaropenaren aurrean irtenbide berriak proposatzen ditu, erroak galduta «zuhaitz ez izatearen beldur izan nintzen / horrenbestez besoak zeruari josi eta adarretan hegan egiteko irrikaz desegin nintzen», eta betiere argiaren bila eta argirantz zuzendua.

Kontzientziaren beraren euria da Izaskun Graciaren poesia, irudi indartsu eta metafora sakonen bidez bizitza bera zarrastatzen diguten gertakarien nondik norakoak azaltzen dizkigun lirika pausatua. Ahapaldien erorkera xamur eta etengabea euriaren antzera mela-mela utziko gaituen zirimiri lausotua bihurtuko da gure irakurketa atseginean, eta hausnartzeari ekingo diogu nahitaez, axolagabekeriatik urrun. Jakina, ziurgabetasunean oinarrituko da oinazea kenduko digun edabe goxoa, «sortzen du ziurtasunak min iluna / garratza / urtetsuak garela jakiteko», bizitzaren oinazea saihestezina baita. Egunsenti berri baten atarian argiaren joan-etorriak ezustekoak eskaintzen dizkigu, eta inor ez gara ausartzen iturri horri euste-harresiak jartzen, «inoiz bilatu ez nuen erantzunik gabeko ikerketarako emaria bezala».  Mezu honek dakarkigun bilakaerak osotasunaren atxikimendu erabatekoa ezinezkoa dela iradokitzen digu.

Badarik ere, poesia sendagai gisa aurkezten zaigu, kontzientziaren zauri zarrastatua emeki-emeki orbaintzen duen ukendu leuna. Pizarnik-en hitzak orain ere: “Escribir un poema es reparar la herida fundamental, la desgarradura. Porque todos estamos heridos“. Eta helburu urruna, mugimenduan abiatzeko eta jarraitzeko eragingo diguna: argia. Argi bizia, kontzientziaren argiontzi kulunkaria, edonon eta edonoiz bidea liluraz erakutsiko diguna.

Horrela izanik, poetak ez dizu errezetarik emango. Nekez luzatuko dizu eskua zeuk egindako zulo beltzetik ateratzeko, nekez eskainiko dizu hats suspertzailerik edo hauts magikorik, etsipenetik irteteko, baina maitasunez eta eskuzabal, argirantz bideratuko zaituzten hitzak mailegatuko dizkizu. Horixe baita Izaskun Graciaren poesia, hitzen sentimenduari eta gogoeten zerizanari argia piztuko dien bulkada indartsua. Eta hitzak gure bizitzaren lurmutur dira.

Pello Otxoteko.

Tags:

No comments yet.

Leave a Reply