POIESIS POETIKOA

 

Duela urte batzuk aldizkari batean topatutako artikulu interesgarri bat dakartzagu artearen eta literaturaren gure leiho honetara. Hona hemen sorkuntzari buruzko hausnarketa hori:

 

POIESIS  POETIKOA

Poiesis sorkuntza da. Sorkuntza hau modu orokorrean uler daiteke. Egunerokotasunaren zereginetan sortutako bitxikeriarik ñimiñoena ere, poiesis edo sorkuntza izan daiteke. Baina poiesis poetikoa bestelakoa da; ez da besterik gabe lerrotan idaztea, edo neurtitzak izkribitzea, edo lirismoz komunikatzea; benetako poiesis poetikoa arnas baten erritmoa transmititzea da, ideia edo kontzeptu baten bilaketan abiatzea eta edertasunaren jantzi lirikoa erabiliz betiere.

Poiesis poetikoa, poesia izan nahi badu, zenbait baldintza edo elementu bete beharko ditu, ez da besterik gabe ariketa literarioa edo ariketa intelektual soila izango. Hitzaren zeregin arruntetik areago joan nahi duen bulkada estetikoa da. Nire ustez, ez du ezer transmititzen mamirik gabeko simulakro lirikoak; eta ez du ezer senti arazten formarik eta irudirik gabeko idazketa dotoreak, ez du zirrararik eragiten metaforarik gabeko balizko poesiak, alegia. Mamirik gabeko neurtitzak, kantuaren antzekoa liratekeen; eta formarik gabeko ideia edota sentimenduaren kontzeptualizazioa, aldiz, saiakera edo epistola, esaterako, litzateke.

08-0102[1]

Bestalde, poesiaren egilea, hots, poeta, erbestean bizi da. Bere grina edertasun hori hitzen bitartez, ideien bitartez, atxikitzean datza. Hortaz bere beharra: arrazoiaren bitartez sentimendua atxikitzea, eta aldi berean, sentimenduz arrazoia traansmititzea. Poiesis poetiko delakoa une kritiko horretan datza, hau da, atxikimendu horren transmititzean, eta momentu horretan bertan ematen da “poiesis” fenomenoa.

 

  

Mundu estetikotik kanporaturik bizi da poeta, eta hitzaren bitartez gure mundu honetan bizi da beste mundu horretara iritsi nahirik. Mundu estetikoranzko eskailera edo soka jartzen duen unean poiesis fenomenoa daukagu, edo poiesis fenomenoa sortzen hasten da. Hala ere, gehienetan porrota da bere ordaina.

Poeta itzalen munduan bizi da, baina argiranzko joera izango duen izakia ere bada. Kontzeptu eta ideiak erabiliko ditu eta kokapen eta lerradura estetiko batez antolatu. Honen bitartez, hizkuntza musika eta irudi bihurtuko ditu; honen bitartez, argiaren kitzikapena eskuratzeko pausoak emango ditu. Mundu estetiko horretara jauzi egiteaz gain, edo salto egin nahi izateaz gain, poetak hitzaren bidez poema bera zer denaren kontzientzia hartuko du. Poesiak komunikazioa eta harremanaren loturak sortu behar ditu poema beraren jantziaz eta egituraz ahaztu gabe.

LAMIEN ORRAZKERA –literatur aldizkaria- (2008-X-28).

 

 

Tags: , ,

No comments yet.

Leave a Reply