Profetagintza eta nobelagintza

Gabrilo Printzip

Aspaldidanik dakigu nobelagintza modernoak gizakia ezagutzeko balio handia duela. Adierazpen literarioaren eta egiaren arteko harremana aspaldidanik dago itaundua (hala nola, Grezia klasikoan), baina nobelagintza modernoaren jaiotzak alderdi berriak agertarazi dizkigu ezagutza eta literaturaren arteko harremanaren auzian.

Izan ere, ez dira gutxi literatura onak (goi-mailako nobelagintzak) irakurleari ezagutza antropologiko paregabea eman diezaiokeela pentsatzen dutenak. Gure munduaren eta bizitzen konplexutasuna ulertzeko unean, ez da aukera txarra nobela bikainak irakurtzea. Pentsamenduaren eta artearen arloko izen handi askok aldarrikatu dute nobelagintzaren ezaguera antropologikorako balioa; aldarri horretan aurkitzen ditugu bai filosofoak (Adam Smith edo René Girard, adibidez), bai nobelagileak (Fielding, Broch, Proust, Dostoievski bera edota Milan Kundera) eta baita, noski, zenbait kritiko literario ere (Tzvetan Todorov, adibidez).

Paradoxa baten aurrean uzten gaitu ordea pentsamendu honek. Azken finean, nobelagintza fikzionala da definizioz. Ez dago fikziorik gabeko nobelagintzarik, edo, hobe esanda, “fikzioa balitz bezala” irakurri behar ez den nobelarik; hori baita hain zuzen nobelagintza definitzen duen oinarrizko ezaugarrietako bat, eta idazlearen eta irakurlearen arteko akordio garrantzitsu bat.

Ez da hau paradoxa hau luze aztertzeko leku eta unea. Baina fikzionaltasunaren eta egiaren arteko harremana ez da interes gutxiko kontua. Egiari buruz pentsatzen ari nintzen honetan, Bibliako Itun Zaharrean kontatzen diren zenbait istorio etorri zaizkit burura. Zera dio Bibliak: Israelgo herria idolatrian jausten zen noizean behin. Idolatriak zera esan nahi du: Jainkoaren lekuan Jainkoa ez den beste edozer gauza jartzea. Izan daiteke dirua, sexua, jainko faltsuak edo beste zernahi. Itun Zaharraren teologiaren arabera, Israelgo herriak Jainkoari obeditzeari uzten dionean gaitzean erortzen da, eta injustizian. Mina, gorrotoa, ezin ikusiak eta beste arazo asko gailentzen dira gizartean.

Egoera horri aurre egiteko eta bere herria gaitzetik eta zorigaitzetik ateratzearren, Jainkoak bere profetak altxarazten ditu; profeta Israeldarrak ez du hortaz bere kabuz hitz egiten, Jainkoak hitz egiten du bere bitartez bere Egia esanez. Profetak hortaz Israeleri bere gaitzaren arrazoia oihukatzen dio: Israel gaitzaren eskuetan erori da bere Jainkoa abandonatu egin duelako, eta galdu egin duelako bere benetako Jainkoagan (bere herriari fidela zaion Jainkoagan) konfidantza.  Idolatrian jausirik, berezko izanik ez duten gauzetan oinarritzen du Israelgo herriak bere zoriontasuna, eta hortik datoz Israelgo herriaren gaitzak. Mezu biblikoa hortaz hau da: gizakia da gaitzaren erantzule eta gaitzarekin amaitu nahi baldin badu, daraman bide okerretik buelta erdi eman eta benetako Jainkoagan itzuli behar du.

Profetak, hortaz, aldaketa eta umiltasuna eskatzen dio herriari. Profetaren predikuaren ondorioa normalean hauxe izaten da: profeta jazartua izaten da askotan, bai herriaren aldetik eta baita erregearen aldetik ere, eta ez dira gutxi erahilak suertatzen diren profetak. Zera esan nahi digu Bibliak (beste zenbaiten arten) istorio hauen bitartez: gizakiok gara, gu geu, bizi ditugun gaitzen iturri nagusi eta erantzule, baina ez dugu egia onartu nahi, ez ditugu egia deserosoak onartu nahi, geure buruari aldaketa eskatzen diguten egiak onartu nahi, eta, hortaz, egia (Jainkoaren mezua eta profeta mezularia) kanporatu egiten dugu, jazartu, desageratarazi.

Nobelagintzak arrakasta handia baldin badu ezagutza antropologikoari begira, bere fikzionaltasunagatik da. Nobelagileak bere nobelan dizkion gauzak entsegu edota diskurtso formal baten bitartez esango balitu, nobelagilea lapidatu egingo genuke, Israeldarrek bere profetak lapidatzen zituzten bezala. Nobelak egia osoak dizkio, egia deseroso eta itsusi asko, soziologiak edota beste zenbait giza “zientzia” askoren bestera, errealismo handiago batekin. Baina egia horiek pertsonaien bitartez adierazten ditu, ego imajinarioen bitartez. Pertsonaia azken finean egiaren eta irakurlearen artean jartzen den koltxoia da; Israelgo profetek zuzenean hitzegiten zieten herriari. Nobelagileak zeharka hitzegiten dio irakurleari, pertsonaien bitartez, eta hortaz errazagoa zaio irakurleari egia itsusiekiko harremana. Nobelagileak bere pertsonaien atzean izkutatzen du bere burua, eta lasai asko esan ditzazke orduan beste era batera ezin esan daitezkeen egiak.  Irakurlea ez da pertsonalki erasotua sentitzen.

Egiari dagokionez kontagintza metodoak badauzka zenbait ondorio, egiatik aldendu dezaketena irakurlea: alde batetik, irakurleak askatasun handia dauka nobelaren “egiak” berak nahi duen bezala irakurtzeko. Israelgo profetaren mezua argia da eta ez dauka bikoiztasunik. Nobelagileak esan nahi dituen egiak hain daude “ezkutatuta” pertsonaien atzean, ordea, hain daude identifikatuta pertsonaiekin, irakurleak bertan kontatzen diren egiak serioski ez hartzeko arriskua hartzen duela. Bestalde, nobela gaizki interpretatu daiteke, Don Kixoteren erokeria gauza ontzat hartuz adibidez, erokeria guzti horren alderdi siniestroak ahaztuz.

Horregatik utzi zuen hain zuzen nobelagintza Hermann Broch filosofo eta nobelagile bikainak. Argi ikusten zuen nobelagintzak gizakion egia ezagutzeko balio paregabea duela (seguraski “zientzia sozialek” dutena baino handiagoa), baina halako dezepzioa ere sentitzen zuen nobelarekiko, izan ere nobelagintzak agertzen dituen egiak ez ditu irakurlea halabeharrez bere portaera eta bizitza aldatzera behartzen. Askatasuna ematen dio. Eta Broch-ek besterik nahi zuen, gizakiari bere bizimodua onerako aldatzera behartuko liokeen egiaren adierazpena.

Dena dela, Bibliako Itun Zaharrak erakusten digun bezala, egia “den bezala” esaten denean gizakiok ez dugu entzun nahi izaten. Batzuk egiaren alderdi batzuk utziko dituzte alde batera, eta beste batzuk egiaren beste alderdi batzuk, baina denok dugu egia osotik aldentzeko tentazioa, egia deserosoa suertatzen zaigunean, egiaren onartzeak gure erosotasun mental eta fisikoa, eta ohitura zaharrak, alde batera uztera behartuko gaituela usmatzen dugunean.

Horra hor, hortaz, nobelagintza eta egiaren arteko harreman paradoxiko bat: alde batetik eta zentzu askotan egia esatea errazten dio nobelagileari nobelaren fikzionaltasunak, baina egiaren ulermena auzitan jartzen, adierazten diren egiak ulertu nahi ez dituenarentzat.

X

Tags: ,

One Response to “Profetagintza eta nobelagintza”

  1. 2014/11/05 at 14:31 #

    Oso artikulu bikaina.

    Gilles Deleuzeren aipu bat atera nahiko nuke hemen. Eleberria, XVIIIgarrengo autore ingelesek erakutsi bezala, filosofia martxan da. Ez jakintza teoriko bat modu teoriko batean adierazia baizik eta jakintza bat fikzio bat irakurlearen izpirituan gauza praktikoa bihurtzen dena.

    Ondo dago eta ez nekien Brochen gogoeta. Eleberriak, noski, artearen ardura gabezia du bere baitan. Arteak ez du derrior erantzunkizunik eskatu behar. Baina, era berean, arteak aldatu behar zaitu, bestela dekorazio huts bat delako.

    Kasualitatearen jainkoen menpe al gaude ba? Ez dut uste. Ikustea besterik ez dago arrakasta eta eragin handien eduki dituzten eleberriak zenbaiteraino eragin duten bizitzan. Kixotea, Dickens-en nobelak, Dostoievskirenak, Tolkienena, horiek guztiek urte luzeetan zabaltzen den eragina izan dute eta jadanik dute.

Leave a Reply