IGERILARIA

 

 

                               Igerilaria

 

Korrikalariaren irudia behin baino gehiagotan erabili izan da literaturan. Hor ditugu, esaterako, Alan Sillitoeren Ibilbide luzeko lasterkariaren bakardadea, Jean Echenozen Lasterka (Zatopek handiari eskainia eta Gerardo Markuletak itzulia) edota Haruki Murakamiren Zertaz ari naiz korrika egiteaz ari naizenean eleberriak. Korrikalaria irudi aberats eta sinbolikoa da. Bakarlanean ari da bere buruaren mugen eta ingurugiroaren baldintzen aurka. Ordu luzeak eman ditzake inorekin hitz egin gabe, erritmoaren konpasa eta gogoeta uztartuz. Bizitzaren beraren metaforatzat ere har daiteke korrikalaria, sarritan bakarrik egin behar baitiegu aurre bizitzaren gorabeherei. Korrikalariz beteta daude gure kale bazterrak. Batzuk taldeka eta berriketan ikusten dituzu; beste batzuk, berriz, isilik eta musika entzuten, bere baitan bilduta. Neurri handi batean, footingak erlijiotik ere baduela esan daiteke, korrikalaria bere burua ezagutu nahian dabilen subjektua ere badelako, eta maiztasun zehatzarekin itzultzen delako kaleetara bere ohiko errituala burutzera. Normalean ez da sorterritik ateratzen; leku batetik abiatu eta leku berera itzultzen da, bere oinekin bizitzaren zirkulartasunaren eta betiereko itzuleraren koordenadak marraztuz.

Niri, ordea, gehiago gustatu izan zait igerilariaren irudia, eta askoz hurbilagotik ezagutu dut. Gainera, askoz gutxiago jorratu izan da literaturan. Kopuruari erreparatuz, gure gizartean askoz gehiago dira korrikalariak igerilariak baino. Biak dira bakarlanak, baina beti iruditu izan zait oparoagoa igerilariaren unibertsoa. John Cheeverrek etekin paregabea bezain anbiguoa atera zion Igerilaria ipuinean. Korrikalariak nahi duenean gera dezake bere korrikaldia. Itsas zabalean igerian dabilen igerilariak, ordea, ezin du gura  duenean geratu igerialdia. Uraren erdian dago, ez du sakonera ikusten, eta bere burua kostatik urrun ikustean, larritasuna senti dezake. Eta ez bakarrik fisikoa, baita metafisikoa ere. Esanahi eta metaforetan aberatsa izan baita beti itsasoa. Poetek sarritan jo izan dute harengana inspirazio bila. Itsasoaren erdian, eternitatearen kontzeptua zer den ulertzera hurbil daiteke neurri batean igerilaria. Angelu hilak dauden bezala, igerilaria ere ur hil moduko batean gera daiteke, bere helburutik kostatik bezain urrun. Helburu hori izan daiteke uharte bat, harkaitz bat, gabarroi bat, beste herri bateko hondartza…

Bestalde, korrikalariak ezin du naufragatu; bai, ordea, igerilariak. Robinson Crusoe ez zen korrika iritsi bere uharte bakartira. Alvaro Cunqueirok Pappaliau izeneko igerilari baten berri eman zigun Fabulas y leyendas del mar gogoangarrian. Genoan bizi omen zen, Ligu itsasoa etxetzat hartuta, eta bizpahiru egun ematen omen zituen itsas zabalean ontziei jarraika, batera eta bestera. Tarteka, ardo botilaren bat jaisten zioten ontzikoek soka bati lotuta. Nork ez ditu ikusi manta termikoz estalitako etorkinen gorpuak telebistan? Welcome pelikulan Mantxako Kanala igerian zeharkatzen saiatzen da Bilal, Irakeko Kurdistanetik datorren gaztea. Horretarako dibortzio prozesu betean dagoen Simon irakaslearen eskolak jasoko ditu. David Grossmanek Bruno Schulz idazlea salbatu zuen Ikusi: maitasuna eleberrian, eta itsasora jaurti zuen unibertso paralelo batean, izokin bihurtuta. 

Moby Dickeko protagonistak, Ismaelek, itsasora jotzen zuen malenkonia usatzeko eta zirkulazioa erregulatzeko. “Mundu guztiak dakien bezala, gogoeta eta ura betiko daude lotuta”. Camusek izugarri maite zuen ura, eta orduak eman zituen igerian. Idatziko al zuen existentzialismoaz eta absurdoaz idatzi zuena itsasoaren erdian igerian aritu gabe? Nolakoa izango zen bere filosofia lehorrean jaio izan balitz? Lehorrekoa ala lehorragoa?

Zuku asko atera dakioke igerilariaren bakardadeari. Urrutitik mantso doala dirudi,  olatuen sabelean, baina aurrera jarraitzen du, txiki bezain ezdeus. Giza jostailu bat da jainkoen aparren gutizian. Eta ezin du oina lurrean jarri. Bi aukera dauzka: buia bihurtu edo norabait heldu.

 

Aritz Gorrotxategi

 

 

 

 

 

 

Tags: , ,

No comments yet.

Leave a Reply