MISTIKOAK ETA IRAULTZAILEAK

 

             Mistikoak eta iraultzaileak

 

 

Luzea da Euskal Herriak emandako mistiko eta iraultzaileen zerrenda. Iraultzaileak politikaz arduratzen dira, eta mistikoak zeruko kontuez. Baina, batzuetan, gurutzatu egiten dira bien bideak. Ezaguna da Bergamín poetaren paradoxa. Aldi berean komunista eta katolikoa izaki, esaldi argigarri batean laburbildu zuen bere kontraesana: “Komunistekin heriotzaraino… Baina, hortik aurrera, bakoitzak egin dezala bere bidea”.

Bitxiki, badira gaztaroan iraultzaile izan eta helduaroan edo zahartzaroan mistiko bihurtu direnak. Eta ez da harritzekoa. Batetik, heriotzaren hurbiltasunak berez eramaten zaituelako naturaz haragoko kontuez pentsatzera. Bestetik, beren burua iraultzailetzat duten batzuk horren astunak, errepikakorrak eta itxiak izatera hel daitezke, ezen haiengandik urruntzeagatik berriro itzultzen baitzara Jainkoaren besoetara, haurtzaroko mundura, bake apur batez gozatzera bederen. 

Barne bakea bilatzeak atzerakoia irudi lezake, eta duela 60 urteko hizkera fosilizatuarekin jarraitzeak, berriz, modernoa. Nola begiratzen den. Isaiah Berlinek azeri emea eta trikua bereizten zituen jakintzari dagokionez. Azeriak gauza asko dakizki, eta trikuak gauza bakarra baina oso garrantzitsua. Eta badira triku bat direla uste arren, azeri eme direnak. Begirada zabaldu eta mundua ulertzen saiatuz gero, hura mugatu edo sailkatu beharrean, iraultza mistifikatzen duten ekintzaileak eta iraultza isil bat abiarazten duten mistikoak ere topatuko dituzu.

 

Aritz Gorrotxategi

 

Tags: , ,

No comments yet.

Leave a Reply