XABIER LETE, ELURRA URTU ONDOREN.

 

XABIER  LETE, ELURRA  URTU  ONDOREN.

 

-Hautsak arrotu dituen mamua-

 

 

Elur asko erori da herri santu honen gainean, gehiegi. Eta izotz ondoko eguzkiak gailendu behar zenean, denon ustez behintzat hala zirudienean, giza sentimendurik zikoitzenak eta zekenenak azaleratzen hasi dira. Baina jakina, hau ezin modu gordin eta biluzian plazaratu, ez da zuzena. Orduan, krimenaren tresna mozorrotu eta makilatu behar.

Xabier Leteren antologia bat argitaratu du Koldo Izagirrek Elkar argitaletxearen eskutik. Liburuaren hondarrean aldiz, epilogo bat. Epilogoa izan zitekeen autoreari buruzkoa, edota haren lanaren azterketa bat, edo poeta irakurleari hurbiltzeko ahalegin bat, haren lana hobeto uler zezan. Orokorrean, hori izaten da antologien helburua. Baina, kasu honetan, egileari berari plagio salaketa egiteko baliatu du antologoak epilogoa. Esan zezakeen Letek plagiatu zuela, eta plagiatutako poetaren erreferentzia eman. Baina epilogoa, ia osorik, plagioari buruzko saiakera bat da. Irakurleak ez du Leteri buruz askoz gehiago jakingo, plagiatu zuen poeta bat izan zela baino. Funtsean hau izan da Koldo Izagirreren asmoa eta helburua. Eta Izagirrek sarkasmotik eta are zinismotik asko duten zenbait esaldi tartekatu ditu: “galdera zen ea nola salbatu nezakeen nik Lete, edo duindu”… “Euskaldunak ergeltzat“ hartu zituen… Letek ez zuen behar Izagirreren eskua salbatzeko. Zaila da sinesten Izagirrek asmo onez jokatu duenik. Izan ere, zergatik eskaini epilogoaren %75etik gora plagioari bakarrik? Zalantza handiak eragiten ditu. Ez gaitezen inozoak izan, kritika zorrotz honen helburua ez da poetaren irudia goraipatzea, kritika honen helburua Leteren aurkako iritzia zabaltzea da, bera hil ondoren, eta salatutakoa gertatu eta 25 urte geroago.

 

 

 

  Lete ez zen pertsonaia erosoa. ETAren aurka zegoen, eta garbi adierazi zuen indarkeriaren aurkako hautua. Imanol kantariaren alde jokatu zuen. Diputatua izan zen, eta Koldo Mitxelena Kulturunea eta Arteleku bere agintaldian egin ziren. Eta horren guztiaren gainetik poeta handia zen, gurea izan den handienetakoa, zalantzarik gabe. Eta beste gauza bat gehiago: poeta maitatua zen. Euskaldun asko preziatzen zuten Leteren poesia, eta poesia landua eta jantzia izanagatik ere, Letek lortzen zuen haiek hunkitzea. Asko iristen zen jendearengana. 

 

 

 

Baina, esan bezala, Lete deserosoa zen, eta kanon jakin eta itxi bat osatu nahi dutenentzat ez da batere egokia. Izagirreren lana txalotu dutenek egia esan duela azpimarratu dute, egia esan behar zela, isilpean zegoela, nahita ezkutatuta. Haren berri zutenek esan zezaketen lehenago, baina deigarria da antologia aukeratu izana hori plazaratzeko. Gauza larriagoak salatu izan dira facebook edo twitter-eko mezuetan, baita aldizkari edo egunkarietan ere.

Egiaren alde atera da Izagirre, beti bezala. Ausart jokatu omen du. Egiazale integroa da. Beste “egiarik” interesatzen ote zaion, hori beste kontu bat da. Egi asko baitaude, eta, zoritxarrez, batzuk lurpean eta betiko isilik, beste batzuen egiaren erruz. Non dago egiarekiko duten zaletasuna?  Egia salbatu behar omen dugu, baina kontuz salbatzaileekin eta hauen jarraitzaileekin. Egia ez da norabide bakarrekoa, eta epilogo honen kasuan, begi bistakoa da beste interes bat dagoela. Bestalde, Izagirreri erantzun diote prentsan, erabilitako tonua eta asmoa ezbaian jarriz. Berehala atera zaizkio defendatzaile sutsuak Izagirreri, egiaren alde ari dela esanez. Antza, kosta egiten zaio jendeari gogoeta edo iradokizun bat onartzea. Irakurri al dute horiek Izagirreren epilogoa edo entzundakoan oinarritzen dira soilik? Lete ez da ukiezina, diote. Eta Izagirre bera? Saltsa honek guztiak ez al du hori agerian jarri? Bizirik dugun ukiezin bakarra Izagirre dela. Ezin al zaio ezer esan? Asaldatu behar al dugu horregatik? Tira, Letek plagiatu zuen, hori egia da, baina ez zen beharrezkoa Izagirreren tonua. Eta Izagirreri kritika egin diote, eta hori ere beharrezkoa zen.          

Arrazoi gordeak edo ezkutuak egon daitezke horrelako jarrera baten aurrean, eta jakina, ondoren eta horren ondorioz datozen ekintzak zikoitzak eta zekenak izan ohi dira gehienetan. Amarruak berehala salatu eta aireratu behar dira. Hil eta zazpi urte geroago, edo amarrua gertatu eta 25 urte pasa direnean, ez al du mendeku itxura hartzen holako jarrera batek? Gauza ilun guzti hauen atzean arrazoi gorderik ez ote dira egongo? Froga eta datu guztien lerroak asintotikoki baietza nagusi baterantz garamatza. Arrazoi pertsonalak? Ideologikoak? Politikoak? Who knows?

Gainera, plagioen Pandoraren kutxa irekita, agian Koldo Izagirrek ezagutuko du beste plagioren bat, eta, egiaren zale sutsua denez, jar lezake mahai gainean. Agian, aipa lezake Sarrionandiaren Enperadore eroa ipuinaren eta Marguerite Yourcenarren Nola salbatu zen Wang-Fo ipuinaren artean dagoen kidetasun deigarria. Izagirrek berak dio bide hori labainkorra dela epilogoan, eta ez dirudi asmo on eta xaloez egindako bidea denik. Bekaizkeriak ere izan dezake  zerikusirik horretan.

Hori gutxi balitz, Izagirrek Leteren salbatzaile gisa aurkeztu du bere burua. Autopsia zalea da idazle pasaitarra, hildakoei bisturia sartu zalea. Esan zitekeen Leterena, baina Izagirreren nolakotasuna ere agerian geratu da. Ez gaitezen zinikoak izan, mesedez. Agi denez, aspaldiko kontua da epilogoan aipatzen dena, eta badirudi Xabier Leteren figura gutxiestea dela helbururik nagusiena. Dena den, Xabier Leteren argi indartsua ezin izango da nolanahi lainotu. Euskal Herri osoarentzat izar distiratsua izan baita, eta euskal munduaren altxor kulturalean betirako itsatsirik dauden “Izarren hautsa””Habanera”,  “Xalbadoren heriotzean”,  «Nafarroa, arragoa»,  ”Ihes betea”“Negu hurbilak”  eta abarren egileak geure hezur-mamiak kitzikatu eta astintzen ditu bere hitz goxo eta mamitsuez. Oso geurea sentitzen dugu Xabier Lete euskaldun garenok.

Bestalde, mistizismorantz jo zuen Letek azken urteotan, Artzek bezala. Zenbaitentzat tradizionalismokeria da hori. Mistizismoa eta metafisika “karka”k dira; ez ordea, neokarlismotik elikatzen direnak. Horiek badira gaur egungo progre eta modernoak, jai dugu. Badirudi ezjakintasuna eta erdipurdikeria direla nagusi. Autopsiazale gehiegi egotea ez da osasun onaren seinale. Seinale heriotzarekiko joera demasekoa dugula. Lurperatzaile bokazioa dugula. Gurekin bat ez datozen horiek lurperatzeko joera.

Etorkizunak esango du autopsiazale honek zuzen jokatu duen ala ez. Edinburgon XIX. mende hasieran, William Burke eta William Hare bikoteak ere autopsiarako gorpuak lortzen zituen, aurretiko hilketaren frogak erabat ezabatu ondoren. Dudarik gabe errealitateak fikzioa gainditzen du beti.

 

 

 

MIKEL  MENDIZABAL

 

 

 

 

 

Tags: , , ,

No comments yet.

Leave a Reply