IZPIRITU ZEKENEK AZALERATZEN DITUZTEN ERRAUTSAK

 

Xabier Lete, gaua gainditzen duen izarra.

 

 

 

Azken hilabeteetan Xabier Leteri buruzko antologia batek zenbait iritzi kontrajarriak piztu ditu. Antologiaren zergatiak justifikatzen duen epilogoa iluna eta makurra da, izan ere, testu honen zatirik handiena balizko plagio bati buruz ari baita. Bi herenetik gora plagioari buruz aritzen da. Benetan ez da batere argia epilogo honen helburua, edo agian bai, eta ez bereziki egileak berak Xabier Lete salbatzeko ematen dituen arrazoiak, Letek horrelako salbatzaileen aurrean etsaiak nahiago izango zituen eta.

Web honetan bertan ere, beste iritzi artikulu bat argitara eman dugu honako honen aurretik, horrela gehiengo bati hel dakion eta azpiko ur sakonen benetako arrazoietara irits gaitezen.

Baina ez gara gehiegi luzatuko. Hementxe uzten ditugu liburu honi, eta bereziki bere epilogoari buruz, argitaratu diren beste bi erantzun nabarmen. Merezi du bi horiek irakurtzea.

 

 

 

 

LETEREN  PLAGIOA

Aritz  Gorrotxategi

 

            Berriki argitaratu da Xabier Leteren antologia mardul bat Elkar argitaletxearen eskutik, Elurra ikusi dut izenburupean. Koldo Izagirre arduratu da antologia apailatzeaz, baita epilogoaz ere. Epilogoaren hasieran, idazleek idazleekin duten zorra aipatzen du Izagirrek, baita zenbait lanetan dagoen eragin nabaria ere: Lizardik Arreserena, Lauaxetak Lorcarena, Arestik Blas de Oterorena… Sarrionandia eta Pessoarena ere aipa liteke, eta beste hainbat. Eraginaren, egokitzapenaren, bertsioaren eta plagioaren arteko mugak ez dira, hala ere, horren garbiak. Atxagak bera irudimenez kitatu zuen auzia “Obabakoak”en.

            Hala ere, Izagirre harago doa, eta jakitera eman du Letek zenbait poema plagiatu zizkiela Rilke eta Carles Riba-ri, baita horren frogak eman ere. Eta agerian geratu da Letek oker jokatu zuela, edo hanka sartu zuela, eta zuzena da hori salatzea, nahiz horrek ez duen haren obra osoa belzten, maila handikoa baita. Zalantza dut, ordea, horrelako antologia anbizio handiko bat ote zen leku egokiena horretarako. Izagirrek esan zezakeen gauza bera artikulu batean, egunkari zein aldizkari batean. Badirudi antologia bera aitzakia bat dela epilogorako, eta gehiago duela kontu-kitatzetik epilogotik baino. Erabilitako tonuari dagokionez, berriz, ondoriozta daiteke gogotik saiatu dela “euskaldunak ergeltzat” (sic) hartu zituen oiartzuar poetaren izena, irudia suntsitzen, hainbatentzat deserosoa ere bazena; ez, ordea, perfektua.

            Poema aukeraketan egin duen lan txukuna eskertzekoa da; ez hainbeste, ordea, plagioa salatzeko aukeratu dituen abagunea eta tonua. Jakin nahi nuke Izagirrek egin duen horren arrazoi gordea. Hura konprenitzen lagundu nahi nizueke.

 

(DVn 2017ko abenduaren 6an)

 

 

 

 

 

ELURRA IKUSI DUT

Felipe Juaristi

 

Nik ere elurra ikusi dut, baina ez Bianditz mendiaren hegal-gailurretan, Izarraitzeko gainaldean baizik. Auzoan badago txoko bat aparta. Eseri zaitezke, edateko eskatu eta Gipuzkoako mendi-tontor gehienak bistaz jo ditzakezu, eguna argia bada, hegalez hegal ezinean, Lizardik maite zituen txoriek bezala. Elurraren zelatariak bere egonezinari ematen dio itxura, elurra buztina baino moldagarriagoa baita, eta iraungaitzagoa. Egun batetik bestera joan daiteke, mendian behera, errekara (gauza guztiak bezala, finean) eta handik itsasora. Elurrak ez du ihes egiten, ordea, ez baita gizaki. Elurraren zuria belztu daiteke, poza tristura bilakatu, eta aingeruak deabru. Poeta bat, denik eta laudatuena bada ere, deskuidatuz gero, madarikatuen saldoan sartzen dute, nihil obstatik gabe.

Nik ere irakurri dut Koldo Izagirrek Xabier Leteren bizkar egin duen antologia. Bizi osoa iraun dezakeen liburu baten aurrean gaudela iruditzen zait: ez da elurra bezala urtuko, ez du haize erauntsiak zakarki eramango, ez du suak kiskaliko, ez du itsasoak jipoituko. Elementuei aurre egiteko sortua da, ez fisikoki, espiritualki baizik, liburuak, izan ere, Leteren geografia morala marrazten baitu eta, neurri handian, Koldo Izagirrerena ere bai. Epilogoa irakurtzea besterik ez dago.

Nik ere konprenitu nahi nuke Koldo Izagirreren arrazoia. Beharbada, aitortu nahi lukeen baino gordeagoa da eta, gordinagoa, seguru asko. Baina ez dago dena esaterik, ezta dena argitzerik ere. Dena garbi balego, zertarako interpretaria, esataria, egiaren bilatzailea, justizia-egilea? Dena garbi balego, zertarako garbitzailea?

Niri ere iritsi zitzaidan Xabier Leteren plagioaren albistea, gutxi baikara idazleok eta, gure komunitatean, joera handiagoa dago berri txarrak aipatzeko, berri onak komunikatzeko baino. Utikan albiste on eta benturazkoak! Utikan garaipen eta laudorioak, besteenak badira; utikan ospe eta fama nahia, gureak ez direnean, noski! Berriak ez ninduen poztu, Lete lagun gisa estimatzera iritsia bainintzen; baina ez nion aparteko garrantzirik eman, ez baitzen lehen aldia halakorik entzuten nuela. Lete ez zen beste egile batzuen izenak ere aipatu zizkidaten, baina garbitzaile ez naizenez, dauden oroimenaren bazterrean utziko ditut, bekatuaren orbana erabat kendu arte.

Nik ere galdetu nahi nuke Leteren bizitzan zer diren eta haren obran zer maila hartua duten Rilkeri eta Ribari (R & R) kopiatu zizkion poema horiek. Ez dut idatziko dena esanda dagoela, ez baita egia, eta ez naiz sartuko Leteren adimenean, egin zuena egiteko izan zuen bultzagarria ulertu nahian. Gure komunitate txiki eta batzuetan baketsu honetan kontu askoz larriagoak gertatu dira, baina ez dut ikusi (eta ez naiz itsu) Izagirreren testuan sumatzen dudan asaldura hori. Ulertzen dut sentsibilitate-kontuetan ez garela denok etxe batekoak, eta batzuentzat kilikagarri dena, beste batzuentzat hozgarri da, edo ozpin bestela. Baina elurra joandakoan lurra gertatzen den bezala, iritziak aienatutakoan gertakariak geratzen dira, bakarrik askotan. Oroimena herdoilez betea duenari, egoki zaio hemerotekara joatea, eta hango korridoreetan barrena egurastea, ona baita buruko odola ere ibil dadin.

Ai, epilogo eta amaierako testua! Iruditzen zait Xabier Letek ez duela halakorik merezi. Eta esango nuke Koldo Izagirrek ere ez.

 

(El Correo-n 2017ko abenduaren 30an)

 

 

 

 

 

Tags: ,

No comments yet.

Leave a Reply