Hautsa hondarretan

 

cama_3_gris[1]

 

 

Hautsa hondarretan

Atea zabaldu eta korridore luze bat ikusi zuen neskak. Atea itxi eta iluna zen guztia, kaleko atearen azpiko zirrikitutik zetorren argi marra izan ezik. Barruan neska eta mutila; kanpoan  atseden-gune hotza, hirugarren solairuko maila okerrak, bigarren solairuko hezetasun-orbainak, lehenengo solairuan kateaturik zegoen txirringa zaharra eta ezkaratzako baldosa solteak. Harrezkero mutilak eta neskak kalean elkarri emandako azken muxuaren oihartzuna barreiatua zen urrutira, eta batak eta besteak esandako hitz laburrak ahazteko bidean sartuak ziren oso. Etxe barruan ziren biak, korridore luzean barrena, zaratarik sortu gabe, kontuz, etxeko inor esna ez zedin logelako bidean.

Logelako argia piztu zuen mutilak, sikiera ohea non zegoen ikus zezaten. Logela txuria zen osoa, pareta eta sabai, eta azken honen erdian bonbilla bat zegoen zintzilik. Albo batean mahai bat eta aulki bat zeuden gauzez eta arropaz gainezka. Bestean, ohe txiki bat, maindire eta manta azpian. Mutilak logela txukuntzeko lan ezinezkoari heldu zionean, neskak begiratu egin zion. Argalegia iruditu zitzaion, ipurdirik gabea eta hanka luzea, eta, egia, zentzuak berehalakoan estali izan ez balitu, gauza gehiago ere irudituko zitzaion. “Ez dago oso txukun, baina… tira”, mutilak; neskak, berriz, irribarre txikia.

Ondoren, bakoitzak bere burua biluztu zuen, ez azkar eta ez mantso, ordulari sinkronizatuen antzera baizik. Ohe egin berri egin gabean estali zituzten gorputz biluziak, eta hitzik esan gabe, elkarrengana jo zuten, muxu luzea tartean. Ordurako mutila arnasestu larrian zegoen, eta zakila tente zuen. Neskak izterretan nabaritu zuen. Begiak itxita, mutilaren igurtziak bilatu zituen. Mutila titietan sartu zitzaion, eta titipuntetan. Neskak mutilaren burua heldu zuen, haren mugimenduak oztopatu gabe. Halako batean, zakila izterretan gora nabaritu zuen, eta, halako batean berriro ere, alu inguruan. Neskak begiak zabaldu zituen. Mutilak burua altxa eta, neskaren begietara begira, zakila aluan sartu zion eskuaren laguntzaz. Neskak, mina eta arnasestua; mutilak, barrura eta kanpora, azkar eta, berehala, azkarrago.

images[6]

Mutila bazetorren jada. Neska lanik gabe kontura zen bukatzera zihoala bestea. Orduan sabaira begiratu zuen, eta mutilaren bizkarrean eskuak tinko, bere orgasmoa ere izaten saiatu zen. Sabai horretan Irudiren baten bila ibili zen, oroitzapenen baten bila edo amets konfesaezinen baten bila, nolabait igurtzi haren mina uxatu eta plazerra ekarriko ziona-edo, baina alperrik. Mutila gainera etorri zitzaion. Eta, orduan, zaila jakiten zergatik, neskak arnasestua areagotu eta oihu txikika hasi zen, korritzen ari bailitzan mutilarekin batera, sabai txuriari begira, erdian bonbilla bat zintzilik zuen sabai txuriari, alegia.

Mutila gainetik erori zitzaion alde baterantz. Neskak begiak itxi zituen baina, hala ere, konturatu zen mutila begira zuela, begirada zain. Eta lepoa mutilaren aldera okerturik, irribarre eginez, muxu bat igorri zion airetik.

Beso[1]

Hizketan hasi ziren. Mutilak “zer moduz zaude?” galdetu zion, eta neskak, “ongi, eta zu?”, “ongi” eta horrela, “bai” eta “bai”, “ez” eta “ez”, “batzuetan” eta “gehienetan”, elkarrizketa geldo eta isilean barrena abiatu ziren egunsentiko gardentasunera. Mutilak lo hartu zuen; neskak, ez.

Deseroso zegoen neska etxe arrotzean. Mutila ez esnaraztearren geldi-geldi zegoen, gorputzak mugitzea eskatzen bazion ere. Hurbil zen biharamuna etortzen zitzaion behin eta berriz burura, eta egonezina areagotu egiten zitzaion. Ez zuen loak hartzea nahi, ez baitzuen han esnatu nahi. Ez zuen mutilaren ondoan egon nahi. Ez zituen mutilaren pisukideak ezagutu nahi. Ez zuen inork gaua han eman zuela jakitea nahi. Zigarroa erre nahi zuen. Kafea hartu nahi zuen. Handik alde egin nahi zuen eta ez zuen han irauteko arrazoirik bilatu nahi. Hauek eta horrelako beste batzuk zituen dantzan buruan eta, jakina, azkenean, dena pilaturik, ohetik jaiki egin zen, baina mantso, ez zedila mutila esna.

hombre-durmiendo[1]

Arropa jantzi zuen azkar, eskerrak dena lurrean metaturik utzita zuela. Zapatak eskuetan hartu zituen eta korridore luzean barrena abiatu zen. Kaleko ateko krisketari eragin zion mantso baino mantsoago. Mantso baino mantsoago itxi zuen atea, kanpotik jada. Erabat itxi zuenean, arnasa hartu zuen. Argia piztu, zapatak jantzi eta eskaileretan behera abiatu zen. Berriro igaro zituen atseden-gune hotza, hirugarren solairuko maila okerrak, bigarren solairuko hezetasun-orbainak, lehenengo solairuan kateaturik zegoen txirringa zaharra eta ezkaratzako baldosa solteak. Eguna argitzen hasia zen jada. Kalea bustita zegoen, euria egin zuelako, apika, garbitzaileak igaroak zeudelako, ziurrenik. Kale gaineko zeru estua erdia urdin eta erdia zuri zen. Beste egun bat zen, berria.

6941269954_5daac14b4a_c[1]

Neska kalean barrena abiatu zen. Argi pizturen bat zuen helburu, kafetegi edo taberna baten argi salatariaren bat, baina guztiak itzalita zeuden. Zapata-denda, arropa-denda eta banketxeak utzi zituen atzean eta, halako batean, gosaririk goiztiarrenak ematen zituen kafetegi dotorea ikusi zuen. Han sartu zen bere aurpegiaren eta ileen itxura aintzat hartu gabe. Kafetegia hutsik zegoen. Zerbitzaria begira jarri zitzaion. “Egunon, kortaua eta kroasana, mesedez”.

LLUVIA, CAFE Y PENSANDO EN TI[1]

Jan zuen kroasana. Hartu zuen ebakia. Ondoren zigarroa piztu zuen, arnasa-bideetan ederki sartu zitzaiona. Huraxe izan zuen benetako atsedena. Osoa erre zuenean, beste bat hartu zuen, eta hura ere erre. Orduan konturatu zen aurpegia bustitzeko eta ileak orrazteko premia zuela. Eta komuneko bidea hartu zuen. Ur hotzetan garbitu zuen aurpegia. Egia, mesede egin zion. Kafetegira bueltatu zenean kafea eta kruasana ordaindu zituen. Ondoren, kalera irten zen. Etxera joateko ordua bazuela esan zion bere buruari. Eta kalean barrena zihoala, “hau gogoa nire ohean sartzekoa” esan zuen isilik. Eta ez zen ezer gehiago pentsatzera ausartu.

Etxeko bideari heldu zion, bada, eta hantxe joan zen. Atzean, berriz, gaua gelditu zen, jada iraganaren hondarretan baino ez idatzia, iparraldeko haizeak noiz ezabatuko zuen zain.

 

Xabier Andonegi Santamaria

 

flor-solitaria[1]

 

 

A_DYRH~1[1]

 

 

Tags: ,

No comments yet.

Leave a Reply